XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badira aldeak ikasle azkarren eta motelagoen artean ere. Hala, M.C. Schouten-van-Parreren-ek (1993), ikastalde heterogeneo batekin lanean ari zelarik, bi motatako hitzak berezi ahal izan zituen: alde batetik, hitz konkretuak, pomme, gare eta antzekoak eta kognatuak, hala nola histoire (nederl. historie) edo rivíere (nederl. rivier), eta, bestetik, hitz abstraktuagoak, mauvais, jeu, exemple eta horrelakoak.

Ikaslerik onenek aski erraz ikasten dituzte bi motetako hitzak H2ko testuak irakurriz, baina makalenei asko kostatzen zaie bigarren motakoak ikasten. Beste ikerketa batean autore horrek berak (1990) aurkitu zuen eta ohar egiten du ikaslerik makalenek askotan informazio-iturri bakarra hartzen dutela aintzat, ezagutzen ez duten hitz baten esanahia asmatu behar dutenean.

Ez dituzte bateratzen testuinguruak, irudiek eta temak ematen dituzten informazioak; eta, malgutasun faltagatik, askotan espero ez diren hipotesiak botatzen dituzte: il porte un uniforme (uniformea darama soinean) itzuli behar zuen ikasle batek porte aditza izentzat hartu zuen (la porte), nahiz eta uniforme hitzak ezin ziezaiokeen inolako eragozpenik jarri, uniform baitu ordaina (ikus Schouten-van-Parreren 1992 ere).

Horien antzeko fenomenoak aurkitu zituen O.A. Medani-k (1989) ere ikasle azkar eta makalen arten, Sudango 300 ikasleren estrategiak ikertuz. Esperimentuko lanen buruan ikasleek egindako oharren, behatutakoaren eta elkarrizketan esandakoaren bidetik hiru eratako estrategiak aurkitu zituen; hiru, ikasle onenen ezaugarri ziren, bi, berriz, txarrenenak.

Gertatzen da ikasle onek badakitela hitz berrien inguruan zer ikas dezaketen (non jarri, ortografia, etab.) eta era askotako estrategiez baliatzen direla; bereziki eskuera dauzkaten iturri guztiez baliatzen dira; galderak egiten dituzte, hiztegi-liburua erabiltzen dute (elebakarra edo bikoa), testuinguruari erreparatzen diote eta ohartzen dira hitzen arteko loturez.

Ikasle makalagoek; ostera, oso estrategia gutxi erabiltzen dute eta hitz ezezagunak aintzat ez hartzera jotzen dute. Zoritxarrez, autoreak ez zuen egiaztatu estrategia bakoitzak hitzak ikasteko duen eragina; bestalde, hitzak ez ziren subjektu guztientzat berberak; zuhur jokatu behar, beraz, datu horiek interpretatzerakoan.